cristóbal balenciaga museoa IKASTAROA Shingo Sato. Berreraikitze transformazionala (1. maila)
EGITARAUA Shingo Sato. «Berreraikitze transformazionala» metodoaren sarrera-ikastaroa (1. maila) Ikastaroaren bitartez, parte-hartzaileak «berreraikitze transformazionala» izeneko patroigintza-sisteman barneratuko dira. Metodo horrek sorkuntza-prozesu berritzaileak eskaintzen dizkio patroigintzaren esparruari. Aipatutako teknika bolumenaren gaineko diseinuan oinarritzen da, bai eta gorputzaren anatomiara egokitzeko prozesuan ere. Horretarako, gorputz geometrikoak, arkitektura eta origamia hartzen dira elementu bolumetriko gisa, eta, ondorioz, forma eta silueten arteko batura lortzen da. Ariketen abiapuntu gisa, maniki gaineko oihalezko oinarrizko patroi bat erabiliko da, eta, bertan, kurbak edota angeluzuzenak marraztuko dira, aldi bakoitzean modu jakin batean. Horrela, joskintzaren, pintzen, drapeatuen eta tolesduren bitartez, zenbait eraldaketa egingo dira, arropen bolumenak eta egiturak sortu ahal izateko. Ikastaroa zenbait modulutan egongo da banatuta, eta, guztira, 16 orduko iraupena izango du. 1. modulua Erakustaldi teknikoa [ordu 1] 2. modulua Diseinu, mozketa eta jantzigintzako prozesua, gerruntze-erdian [2 ordu] 3. modulua Bolumenaren diseinua, gona-erdian [2 ordu] 4. modulua Drapeatu txirikordatua [4 ordu] 5. modulua Origami-poltsikoa [1 ordu] 6. modulua Puxikaren teknika [3 ordu] 7. modulua Kutxa-integrazioaren teknika [3 ordu]
IRAKASLEA SHINGO SATO Jatorri japoniarreko diseinatzailea, joskintzaren, patroigintzaren eta jantzigintzaren tekniketan trebatua. Mundu osoko tradiziorik eta osperik handieneko eskoletan aurkeztu du bere sistema berritzailea: Parsons the New School for Design, Central Saint Martins, Marangoni, Bunka Fashion College eta Paris College of Art delakoetan, beste askoren artean. Guztiz metodologia praktikoa erabiltzen du, eta, modu horretan, ikasleek arropak eginez eta bere patroigintza-sistemarekin esperimentatuz ikasten dute. Bere metodoa «Berreraikitze transformazionala» deitzen da, eta figura geometrikoen, drapeatuen, 3d bolumenen eta origami teknika japoniarraren birsorkuntzan oinarritzen da. Zenbait maisu couturier-ekin lan egin izan du; besteak beste, Azzedine Alaiarekin (1986-1989, Paris) eta Trussardi markarekin (1989-1991, Milan). 2002. urtean, diseinu-estudioa sortu zuen Tokion, eta, bertan, bere bilduma propioak garatzen ditu.
informazioa Egunak Urriak 4 eta 5. Guztira, 16 ordu. Ordutegia 09:30 14:00 / 15:00 18:30. Parte-hartzaileak Ikastaroa modaren arloko ikasle eta profesionalei dago zuzenduta, betiere, euren diseinuen edota diseinu-prozesuaren metodologien eraginkortasun bisuala berritu nahi badute. Era berean, titulatuta ez dauden baina sektorean esperientzia frogagarria duten pertsonei ere zuzenduta dago, betiere, prestakuntza osagarri eta zehatza jaso nahi badute. Parte-hartzaile kopurua Gehienez ere, 16 parte-hartzaile izango dira, eta plazak inskripzioaren hurrenkeraren arabera emango dira. Ikastaroaren egiaztagiri gisa, erakunde antolatzaileak (Work Experience Fashion) eta Shingo Sato irakasleak sinatutako diploma emango da. Baldintzak Ez da derrigorrezko baldintza interesdunek aldez aurreko ezagutzarik izatea ikastaroak landu nahi duen metodoaren inguruan, baina gomendagarria da parte-hartzaileek oinarrizko ezagutza edota ezagutza ertaina izatea patroigintzaren eta jantzigintzaren arloan. Inskripzioa Inskripzioak irekita egongo dira jarduera argitaratzen den egunetik hasi eta irailaren 3ra arte (azken hori barne), edota azken egun hori baino lehenagora arte, baldin eta eskainitako leku-kopuruak betetzen badira. Interesdunek mezu elektroniko bat bidali beharko dute info@workef.com helbidera, izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa, bizilekua, ikasketak gauzatzen ari den ikastetxearen izena, edo/eta lanean ari den enpresaren izena, kasuan kasu, erantsita. Hizkuntza Ikastaroa gaztelaniaz emango da. Prezioa 320 Leku-kopuru mugatua Ezinbestekoa da izena ematea Harremanetarako T 943 004 777 info@fbalenciaga.com info@workef.com Antolatzailea Kolaboratzailea
cristóbal balenciaga museoa Aldamar Parkea 6 20808 Getaria Gipuzkoa España T +34 943 008 840 info@cristobalbalenciagamuseoa.com www.cristobalbalenciagamuseoa.com