Oratoria hitzak aspaldiko bide galduetan utzitako urrats gazteetara itzultzen

Similar documents
ZERTAN DATZA GAITASUN HANDIAK IZATEA?

JANIS JOPLIN, SUDUR GORRIAK ETA ARRAUTZA FRIJITUAK Lurdes Ondaro Mallea Munitibar

Oinarrizko gaitasunak

Prentsarako txostena. Guggenheim Bilbao Museoak 2017ko urriaren 6an aurkeztuko du. Anni Albers: ikusmena ukitu

Informazioaren utopia. Kazetaritza sozialagorako proposamenak

MgE dossierrak 27. zk., 2017ko udazkena INPAKTUKO INBERTSIOA

TWITTER. Handi eta neurtu zure eragin soziala

azaroa 308. gure ikasle saiatua Hamaika trikimailu: Gaurgazte: Interesgunea: Telebista ariketak: Gazteak eta beren idoloak Ikastira José Ramón Fachado

Internetek haur eta gazteei eskaintzen dizkien aukerak eta arriskuak EUKids Online in Safer Internet Plus Programme ( )

86. INFORMAZIO BULETINA. 2014ko Otsaila

Enpresa ekonomia: antolakuntza eta zuzendaritza Iñaki Heras Saizarbitoria Enpresen Antolakuntza Saila UPV/EHU

Hizpide. Ahozko irudiaren bilakaera Hurbilpen personal bat. Badakizu? Kanpoko begiek bikiak dituzte barruan. Ez dakit irisik edota

GNU LIZENTZIA PUBLIKO OROKORRA

ARGIAK ILUNEAN (IPUIN-BILDUMA)

baten baitan eraikiak dira eta eragin zuzena dute gure gorputz eta bizitzen

Telebista Interneten; Ahalerak eta ahaleginak

Izaskun Zeberio «Inoiz baino baloratuago sentitu naiz»

JUSTIZIA, EGIA, ERREPARAZIOA

IKASTAROA. Shingo Sato. Berreraikitze transformazionala (1. maila)

Ikerketak. Investigaciones. Giza Eskubideak nazioarteko finantzaeta merkataritza-erakundeetan txertatzen: lorpenak eta aukerak

BIZITZA PINTZELADATAN Elene Etxaniz Agirre Bergara

D32. Moldatzearen eta eraldatzearen artean: berrikuntza sindikalaren bi logikak MELISA R. SERRANO

Edizioa: Bidezko Merkataritzako Estatu Koordinakundea ( Idazleak: Gonzalo Donaire. Itzulpena: L. M.

IKTak CURRICULUM-ean INTEGRATZEKO PLANA

I NEVER SAID UMBRELLA ERAKUSKETA ARETOA / SALA DE EXPOSICIONES / EXHIBITION HALL AURKIBIDEA ÍNDICE INDEX

Kartel politiko sobietarra: propaganda eredu baten azterketa eskripto-ikonikoa

ko martiaren 4a hamabostekaria

eko urri bigarrenaren 1a hamabostekaria

LILIANA PORTER ELKARRIZKETAK ETA DESOBEDITZEAK DIÁLOGOS Y DESOBEDIENCIAS DIALOGUES AND DISOBEDIENCES DIALOGUES ET DÉSOBÉISSANCES

Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak argitara


LASAI CONTEMPORARY ART

PRESSPLAY mikrojaialdia! [Ermua] 2. edizioa.

Trousse de Core French Learning Resources Centre Les vêtements / Clothing

je changes to j when the verb begins with a vowel or a vowel sound

MARKSCHEME BARÈME DE NOTATION ESQUEMA DE CALIFICACION

9. Quand Je Serai Grand(e): Using The Future

AUTUMN WINTER ADULTS & JUNIORS

Core French 7. La Nourriture

What is it? Where is it? Why? What is it saying? How is it used? For whom was it created? For whom does it exist? Who is represented?

Danielle colby cushman clothing

Elective Home Learning. Year: 11

Madeleine Vionnet By Issey Miyake, Betty Kirke

Module 8: Les Métiers

SPRING SUMMER 2018 ADULTS & JUNIOR

Le Cou de Lee Miller/ Lee Miller s Neck

Glamour, Greed & Glory - Dynasty By Judith A. Moose

ASTE SANTUA SEMANA SANTA EASTER PÂQUES PASQUA

P.M. WEDNESDAY, 3 June minutes approximately

COMPRENSIÓN ESCRITA. TEXTO 1: Mary Quant y Vivienne Westwood

BRAND TARGET CALENDAR PRODUCT RATES CONTACT INFO. The. Voice of Style, Everyone s In

yoruba DF828F1C51449C6CD9C5667DE Yoruba 1 / 6

Exercices De Style (French Edition) By Raymond Queneau READ ONLINE

Level 2 French, 2014

Brooke shields and gary gross

Act 1: Does Roast Beef mean I m ready to settle down?

5 / 5. Powered by TCPDF (

PRUEBAS DE ACREDITACIÓN LINGÜÍSTICA UNIVERSIDAD CEU CARDENAL HERRERA ENGLISH B1

Impact of fashion specialized discourse a case study on the speech of French youths

Changes in el Traje Típico of the Chicas of San Lucas Tolimán, Guatemala

SECRET ACCORD GENERAL SUR LES TARIFS DOUANIERS ARTICLE XXVIII:5 NEGOTIATIONS. Schedule I - Commonwealth of Australia. Addendum

Fashion Ave: The Museum at the Fashion Institute of Technology (mfit) in Ne w York La Avenida de la Moda: el Museo del

Master Fashion Studies. Programme. Academic Year Perchè studiare i media? 06/10/2018. Pagina 1

Targeted Home Learning. Year:8

LEARN FRENCH BY PODCAST

Master's Research/Creative Project Four Elective credits 4

Re: Females Additionally Be Have Enjoyment Of Nfl Football Games Escrito por xiaoke - 15/09/ :31

JAGNA CIUCHTA

DJ - Jacquard Design

BEGINNER FRENCH. Info Packet - Essentials, Level 1 & Level 2

Prof. Fernanda Marón. Manual Unidad 3 Moda

Emi's Curly Coily, Cotton Candy Hair By Tina Olajide READ ONLINE

Total Regrowth: Natural Hair Restoration For Men By Mr Eric G Marshall READ ONLINE

Adapalene Cream O.1 order differin 0.3 online what is the cost of differin gel differin adapalene gel 0.1 price in malaysia

STARLIGHT FW 14/15. Even farther. The sky, an asteroid, a comet, plein then another. Countless others.

Hand In Glove By Robert Goddard READ ONLINE

Essay about bullying in high school. Problem Definition.

LA COLLECTION THE COLLECTION

Advocating the Future: Media Art at the Festivals

Streetstyle. By Ted Polhemus READ ONLINE

La Ultima Princesa De Manchuria (Spanish Edition) By Lilian Lee

FRE 1130 Beginning French I Spring 2019

Learning French: Lost in Translation 5 common mistakes from students

«FRANCESCO SICILIANI» PRIZE Fourth edition

Greta Garbo: Divine Star By David Bret

The Three Ecologies Felix Guattari

Emi's Curly Coily, Cotton Candy Hair By Tina Olajide

JACLR. Journal of Artistic Creation & Literary Research

VALVES & ACTUATORS RUBINETTERIE UTENSILERIE BONOMI MEETING STANDARDS IS OUR STANDARD LOGO GUIDELINES

LULÙ NUTI MORE PRESS KIT. ENE 6 (the dancer), studio view, Villa Belleville, 2018

The Leprechaun Trap: A Family Tradition For Saint Patrick's Day By David Clinch;Kelly Clinch

Biomedical Engineer Operations Manager

PERIS COSTUMES. Thus, the tailor shop became a company specialised in the making and renting of costumes for large productions.

Arlo Pro 2 Camera System With Arlo Audio Doorbell Quick Start Guide

Spotless: The Essential Guide To Getting Rid Of Spots And Acne By Elaine Mummery READ ONLINE

Best practices in phlebotomy including the safe handling of biohazards

Archived Content. Contenu archivé

Punk! Hardcore! Reggae! PMA! Bad Brains! [Kindle Edition] By Greg Prato READ ONLINE

Welcome to Museum of Liverpool. This is the entrance to Museum of Liverpool.

A V A T A R O L E B Y F M

Transcription:

Hitzaren artelana JOSE MARI SATRUSTEGI* Oratoria hitzak aspaldiko bide galduetan utzitako urrats gazteetara itzultzen gaitu pertsona helduon bizian eta arraro samar egiten zaigu geuri ere, neurri batean, gaur egun harroputz kutsuko oratoriaren izen kankailua bera. Izan ere, teknokrazia eta teknikarien pentsaera zurrun eta gordina erabat baztertzen doa gizartean humanismo kutsuko heziketa hura, espirituaren arnasa eta balore sakon askoren ondare aberatsa traste zaharren sabaian zokoratuz probetxu gordin eta bizi errazaren izenean. Hori dela-eta jai du askotan dotore eta txukun hitz egiteko arteak zabarkeriaren sastraka arruntean. Bakoitzak berekin eraman ohi du halere, nortasun agiri moduan, gaztaroko heziketa, eta ez da harritzekoa gizartean zerbaiten hutsune nabarmena sumatzena dela esatea. Parlamentari edo hitzaren ofizioko profesionalak omen diren batzuen jarduera moldakaitza nozituta, inoiz baino estimu hobean du entzuleak urte gogorretako gose zimurraren hortzetan murtxikaturiko hezkuntza hura dutenen hizkera. Gizadiaren egunsentian hitza izan zen pentsaeraren oinarrizko altxorra. Euskaldunak ahozko literaturan oinarritu du betidanik herri-jakintza, eta hitzeko gizona zintzotzat zeukan euskal gizarteak; hitza jaten zuena, alderantziz, ez zen aintzat hartzeko pertsona eta baztertu ohi zuen herriak. Beldurgarria da gauzak zenbatetaraino aldatu diren ikustea. ARTEA Arte ederretako eginkizuna da, berez, oratoria: hizkuntza arloko artea, alegia, poesiarekin batera, eta esparru desberdinetako jakintzek osatzen dute bere egitura. Hiru arlo nagusitako eragina azpimarra daiteke bereziki: Gramatika eta erretorika-k arautzen dute hizkuntza aldetik. Pentsamenduari dagokion mezua filosofia arloko logika eta kritika-z bideratzen da, eta jendeaurreko agerpena aktoreen eskola oneko patxada, imintzio eta mintzaeran datza. * Artículo entregado por el autor fechas antes de su muerte [1] 371

JOSE MARI SATRUSTEGI Edozein adin, izaera, lanbide edo ofiziori dagokion era eta mailako mintzamoldeak badira gizartean: herri giroan entzun daitekeen txukuntasun osoko hizkera xumea edota ikasien bilkuretako jardun jantziagoa; lanbide berezietako jendeek euren artean gauzatutako jarduera, edo zientzia gaietan oinarrituriko hizkuntza teknikoa; mandazainen ahoskera esan ohi den hitz larrien burrunba edo haurrek ikastolan atsedenaldiko zaratekin oihukatzen dutena. Hiztunaren esanera berez gauzatzen den doinu malgua da hizkuntza, eta baliagarritasun muga gabeko horretatik datorkio arruntaren ahoan latza, eta artistaren mihian artea izateraino iristeko gaitasuna. Oratoria ez da, beraz, hizkuntzaren txukuntasunezko apaindura soila edo azaleko jantzia bakarrik. Mintzatzea, azken finean, pertsonaren barruko sentimendu, pentsaera, grina eta gurak hitzetan azaltzeko ahalmena da, edo esan beharren arabera eratu eta egokitutako edukien euskarria. Mezuaren baitan dago hitzaren izaera edota jazkera, eta elkarren orekan landu behar dira biak. Hizlarien kanpromiso batzuk edo ekintza guztien garrantzia, bestalde, ez dira berdinak gertatzen beti eguneroko bidean. Badira aginteen agerpen nagusietako une bereziak, legebiltzar eta unibertsitateetako ospakizun goi mailakoak, auzi eta epaitegietako istilu larriak, nahiz akademia kutsuko lore joko, arte saio eta akto publiko itxura txukunekoak. Hizbide eta giroak artea izan nahi duen heinean arau zehatz, egitura egoki, modu sinesgarri, abegi oneko kuntza eta xarmaz agertu beharra du jendaurrean. Oratoriaren gidoi edo ardatza gutxitik gehiagora eta arrazoi ahuletik indartsura poliki-poliki urratsak emanez egin ohi da, entzuleen interesa piztu eta, ezustekoz bada hobe, mezua onargarri egiteko ahaleginean. Oratoriak tramankulu konplexuaren itxura duela usteko du norbaitek, eta izan ere hala da. Erraz alde jokatuz artearen gaitasuna nekez irits lezake lanak. Arazoa ez da, haatik, musika, margolaritza, eskultura edo arte ederretako beste edozein lanbidek izan dezakeena baino larriagoa. Baluke gaiak eraikuntza munduarekin antzik. Jauregi handi batek, dagozkion oinarri, zutabe, horma eta teilatua eskatzen ditu egituran; eta artzain txabolak bereak. Bietan bizi daiteke jendea, lurrezko eltze batekin sutondoan, edo urrezko katiluz arasak beteta. Helburu kontua da. Pertsona bera da kultura eta arte mailan sentipen, ideia eta sormenaren altzari gela, eta hizkuntza denen berri emateko ahoskailua. HIZTEGIA ETA GRAMATIKA Hizkuntza gauzatzen duen berezko adreilua hitza da, barruko sentipen eta ideia ikusezinen soinu zantzua alegia. Hitzen zerrenda sailkatuari deitzen zaio hiztegia. Pentsamenduaren iturburuan kokatzen da hitza eta haren garapenaren prozesuak sortzen du jakintza. Eraikuntza lanetako harri gordinen harrobi antza du hiztegiak, kontzeptu-azalpen gauzatuen bilduma baita, eta eragin handia du hiztegi aberastasunak hiztunaren baitan, izan ere, ez da berdin mezuari dagokion formaz naturalki bat-batean jabetzea, edota aldian aldiko hitza xuhurki gogoeten putzutik xurgatu beharra. Hizlari trebearen oinarrizko gaitasuna jasotako hitzen kopuruan datza. Herri zaharren tradizioan beharren arloko hiztegia aberatsa izan ohi zen, eta zehatza. Gaur egun herri-hiztegi 372 [2]

HITZAREN ARTELANA arrunta murriztuz doa esaera desberdinen semantika berezia hitz gutxitan multzokatuz. Tradizioak badu hitz hutsekin bere mezua zehatz adierazteko zaletasuna. Kontzeptua tinkatu eta hitz soilez esanahi guztia adieraz dezake ihartutako esaera zaharretan. Ahoz aho borobilduz joaten diren ustezko berriak nola finkatu ohi diren esateko, adibidez, hitz gutxi aski du herri-literaturak: Batek omen eta besteak amen, alegia. Herri-jakintzak sakontasun handia azaltzen du hitz-joko horietan eta itxura arineko modu errazean funtsezko mezua daramate atsotitzek. Kanpoan uso eta etxean otso, esan ohi da familian gogorra eta kanpoan plazagizon atsegina den gizasemearentzat. Hitzekin batean, izenlagun eta erakusleak sartzen dira hiztegian, baina aditza da, batez ere, denboraren uneak, pertsonen arteko erlazioa eta egoera edo ekintza zehatzen funtzioa adierazten dituen elementua. Aditz lehorrarekin ere joka dezake herri literaturak burubide mamitsuak azaltzen, hala nola, dugun gutxi, dugun beti, zuhurtziaren araua eta, alderantziz, dagoelarik bonbon, eta ez dagoelarik hor konpon, axolagabekoen utzikeria. Harriak harri gainean jarrita mendian egiten ziren harresien antzeko hizkera xume itxura eduki arren, zehatza eta trinkoa da esaera zaharren ardatza. Arterik baldin bada herri-hizkuntza mailan, hitz soltez gai konplexuen sintesi distiratsua egiten duten ohiko esamesetan datza. Hizkera normala, halere, hitz soilen elkarketak ez baino mezuaren edukira hurbitzeko erkatzen diren elementu desberdinek gauzatzen dute. Berez egindako herri-bide luzean oinarritzen dira ikasiek txukun, ongi eta zuzen, -pulcre, bene, recte- hitz egiteko eman ohi dituzten arauak. Joskera, lokailuak, aditza, ortografia eta azentua dira, besteak beste, hizlariaren tresna arrunta den gramatikak eskaintzen duen laguntza. Lehen ikasketatik hasi behar izaten du bakoitzak hizkuntza lantzen, baina horrek ez du esan nahi haur kontua denik. Ez da inorentzat atsegina maila desberdinetako lorpenen gailurrean oinarrizko gabeziak agertzen hastea eta, zeresanik ez, idazle eta komunikabide arloko profesionalentzat bereziki. Gramatika eta hiztegia dira edozein hizkuntzaren ezinbesteko lehen euskarria. ERRETORIKA Zelai zabaletako ibilbide ezustekoak irekitzen dizkio erretorikak gramatikaren baratze hesituari. Berezkoa den ate hertsia gaindituta, irudizko beste adiera batzuekin aberasten du hitzak zuzenean duen esanahia. Ohiko urrats finkoen oinkada arrunta bizitasunez betetzen du metaforak eta, irudimenari hegalak emanda, freskatu eta apaindu egin ohi du jantzia. Arlo desberdinetako ekarpenak erkatzen ditu hizkeran erretorikak: ikuspegi irekia, joskera berriak eta hiztegi aberastua. Harri solteen ordez, hare, legar, porlan, ura eta burdina gorpuztuen jauregi aberatsa da literatura landua. Erretorikan ematen diren hizkuntz baliabideak ez dira itsu-itsuko erkaketaz egiten; hitzez esaten ez den barne irudien parekotasunean oinarritzen da lotura. Biziaren udaberria metaforak, adibidez, urtaroa du bere zentzu propioa, eta pertsonen gazte denbora adiera erantsia. Biziaren hastapena da lokarria. [3] 373

JOSE MARI SATRUSTEGI Erkaketa edo parekatzeak kontzeptuen arteko erlazio gardena eskatzen du argitasunaren izenean; bien arteko zerikusia iluna baldin bada edo entzulearentzat ezezaguna, mezua galdu egiten da eta hizkera desitxuratu. Eritasunari buruz gaitzaren erroa esatean, adibidez, landare zainen eredua hartzen da adibidetzat gaixotasuna nondik datorren azaltzeko. Normaltasun osoz erabiltzen da metafora eguneroko hizkuntzan eta, batez ere, erlijio gaietan. Arrosarioko letanietan, adibidez, maitasun lorea, Dabiden torrea, zeruko atea, goizeko izarra bezalako aipamenak entzuten dira naturaltasunez kristauen artean. Hitz solteetan ez ezik, esaera oso, perpaus luze eta liburu osoetan zehar manten daiteke metafora luzatua den alegoria izeneko adieren bigarren zentzua. Eguneroko bidetik atera gabe, oso ezaguna da Ama Birjina goizeko izarrarekin parekatzen duen elizkantua. Honela dio: Izar eder zoragarria Zeru-goia zera Maria. Eta alegoriatik konparaketara aldatuz, ideia berarekin jarraitzen du abestiak: Goizeko izarra ez da hain ederra Nola dan, María, zure sorrera. Erretorikako figura honen sustraiak oso zaharrak dira ahozko literaturan, antzinako pentsaera sinbolikoan oinarritzen baitira. Gaur egun mundu logikoan ideien antzekotasuna bakarrik esan nahi badu ere, hasieran ez zen hala, eta irudien parekotasunak bateratu egiten zituen antzeko irudia zuten erreferentzia desberdinak. Eguzkia eta sua ez ziren erritoetan elkarrengandik urrutiko bi objektu desberdin, itxurak uztartutako izaki beraren azalpena baizik: bat goian eta beherean bestea, baina eduki bat bera. Hori da, hain zuzen, sinbolo hitz grekoaren esanahia: aurkakoen elkarketa edo bananduen batzea. Irudia zen pentsamenduaren ardatza gizona ideia abstraktuaz jabetzen hasi aurretik, orain haur txikietan gertatzen den moduan. Formak hartzen ziren kontuan, koloreak, izaera, neurria edo bilakaera bezalako kidetasunen arabera bateratzeko. Horren aztarna nabarmenak badira kontzientziaz jabetu gabe ustekabean sortzen diren barne-eragin ezkutuetan. Guzti honek badu ondorerik zientziaren gaurko munduan. Hiztegi teknikoa alde batera utzita, egunero erabiltzen diren tradizioko hitz gehienak sinbologiaren ildotik sortutako ondarea dira. Ikuspegi logikoaz jantzirik egon arren jatorriko loturak ez dituzte galdu eta pertsonen barne ezkutuan sartzeko berezko bide egokia dira. Egundaino bizirik diraute, adibidez, logikari arrotz egiten zaizkion kopla zaharren hasierako aipamen bitxiak, hala nola: Hor goien goien izarra, Errekaldian lizarra, Etxe ontako etxeko jaunak Urre gorrizko bizarra. Aipamenen hizkuntzfuntzioa orduko baloreen ildotik bakarrik uler daiteke. Ez du zerikusirik matematika eta elektronikako jakintza sareekin. Izarra eta lizarra hitzek duten itxuraz bestalde, duintasun handiko aipu 374 [4]

HITZAREN ARTELANA susmagarriak dira biak tradizioan: izarra edertasun eta xarma amesgarriaren adierazlea amodiozko kantuetan, eta emankortasunaren zuhaitz hautatua lizarra. Egundaino zenbait herritan mutilak bere gogoko neskatoari san Joan bezpera gauan lizar adarrak ipintzen dizkio etxe aurrean atxikimenduaren ezaugarri. Etxeko jaunaren bizarrari dario bigarren atalean urreari dagokion ohorea. Besterik da gaitzetsi nahi delarik nagusiaren zikoizkeria. Honela dio kopla ezagunak: Armarioan sagua Kontrariua katua, Etxe ontako limosnarekin Eztugu beteko zakua. Lehenbiziko hitzetan zihoan koplaren eduki on ala txarraren iragarki zehatza. Ohikoa da euskal ipuin zaharretan abereen ahoz mezuak azaltzea, jakinik animaliek ez dutela hitzik egiten. Piztia bakoitzak bazuen bere nortasun berezia eta horren arabera betearazten zion hiztunak hari zegokion papera. Ez zen fabula didaktikoen esparru bereko literatura. Herri-literatura utzi eta hizkuntza jantziko erretorika irudietara itzuliz, bada tentsio handiko uneetan emozioa sortzeko baliatzen den prosopopeia izeneko beste tropo bat. Edozein izaki ala ideia abstraktu solaskidetzat hartuta, pertsona balitz bezala oihukatu dezake hizlariak. Adibidez ohiko erlijio gaietan: Eror zaitezte mendiak gure gainera eta kendu herri gaiztoaren lotsaizuna! Negar egizue itsaso bulartuen olatuek eta malkoen zipriztinez estali ezazue hiri gaiztoa! Edo urtero abenduan Elizak errepikatu ohi duen otoitz-dei esanguratsua: Ihintz egizue goitik, zeruak; ixuri ezazue zuzenbidea, hodeiek! Leher bedi lurra eta eman beza salbamena, eta harekin zuzentasuna. Drama, tragedia eta antzerkian ohikoa da prosopopeia figura. Izan ere, hasieran izaki guztiek bazekiten hizketan, sineste zaharren arabera. Erretorikaren esparrua zabala da. Latinez esanda: Ars bene dicendi cum regulis certis atque perspectis, arau jakin eta zehatzen bidez ongi hitz egiteko artea, alegia. FILOSOFIA Hizkuntzaren erabilera aipatu da orain arte. Badu, halere, oratoriak hitza beraren iturburu den edukien zakua eta kontzeptuen zama. Izena baino lehen bazen izana gizadian, baina hitzaren bidez garatzen da gero pentsamendua. Sentipen, biziko lorpen eta gura guztien kanporako garraiaria baldin bada mintzoa, mezuren bat eduki behar du beti hiztunak eta, ez badu, isilaldi bihurtuko da mihiaren txanda edo betegarri antzuen hitz-jario huts. Jostailu elektroniko, telebista eta ordenagailu ederretan trebea den teknika soilaren gizarteak, egunen batean tresnari ezer esatekorik gabe, zuri, antzu, gelditzeko arriskua badu. Kultura ez da entzun-ikusitako jakintza, norberak beretzat [5] 375

JOSE MARI SATRUSTEGI jasotako informazioa baizik, in-formare, barruan forma ematea esan nahi du. Edukien ardura filosofia arloko pentsamenduaren jakintzari dagokio. Edozein egoeratan eskuarteko arrazoi nagusiei etekina ateratzea da oratoria onaren eginkizuna, argudio kateatuen eraztunak dira benetako ardatza, eta azalpen txukuna edukia egoki saltzeko gozagarria. Laburbilduz, helburuen ikuspegi zehatza eta baliabide egokien lotura orekatua dira oratoriaren sostengua. Pentsamendua lantzeko tailerra filosofia da. Edozein burdinola edo errementeriatan bezala, meategiko arragoa garbitu behar da ideien buruko egosaldian eta logika deitzen zaio sutegiari. Izan ere, eskuarteko susmo, datu eta baliabide guztiek ez dute pisu bera, horregatik gai eztabaidagarriak baldintzatu edo saihestu eta entzulearekiko hurbilketa sinesgarria lortu behar da harrera onaren helburuarekin. Zientzia aldetik hainbeste aurrerapen egin den azken mendean gezurra dirudi filosofia gaietan emandako atzerakadak. Eskolako haurren mailakoa da bimilaurteurrena dela-eta komunikabide eta aginte ofizialek estatu mailan sortu zuten istilu inozoa. Bigarren milako urteurren eztabaidatuan sartu ondoren ez da argi gelditu batzuentzat noiztik hasten den XXI. mendea kontatzen. Sekulako ahalegina egin zen aginte erabakitzaileen aldetik 2001. urteraino atzeratzen ustezko muga eta horrela ospatu zen zarata handiz mende eta bimilagarren aro hasiera laiko berria. Ezbaida guztien ildotik, unibertsitate mailako katedradun ospetsu batek mahai gainean hiru edontzi jarrita, honela zioen zin eta fin, nire aurrean: - Bat, bi eta hiru baso, eta ez dago besterik; era berean, 2001, 2002, 2003. urteek euren osotasunean bakarrik osa dezakete kopurua. Ez zen konturatzen ustezko maisua, urdaia abiadarekin nahasten ari zela. Gure baserrietako edozein artzainek badaki bildotsa ez dela urtea betetako egunean sortu, badaramatzala ordurako hamabi hilabete egunero jan eta edaten, edontzi eta tresnek ez bezala, eta urteburua bete bezain laster hasten dela bigarrena osatzen. Britania Handiko ama-erreginak ehun urte bete zituen egunean osatu zuen bizi luzeko lehen mendea, 101 urte betetzeko zain egon gabe, eta horrela jakinarazi zitzaion munduari. Urte, mende eta milaurteurrena osatzen dituen denbora ez da fisikoki existitzen objektu edo gauza materialen neurkeran, eta ezin da beraz edontzi edo sagar moduan kontatu. Gertakizun konkretu batetik hasten da herrien historian denbora kurritzen eta Mendebaldeko herriek Jesu Kristoren jaiotza dute euren urte, mende eta milaurteurrenen abiapuntua. Ez dago oraingoz gure artean beste neurgailu ofizialik. Horren arabera, Jesus Belengo Haurra, orain arte fisikoki bizitu izan balitz 2000. urte hasieran beteko zituen bi mila urte, urtemuga ospatzeko beste hamabi hilabete zain egon gabe. Horretxegatik 2000. Urteberrian ireki zuen Elizak Erroman urte santuko ospakizunen ate nagusia, ergelkerien mundu berritsua ustezko data atzeratuaren zain utzita. Filosofiaren eremura itzuliz, Grezia eta Erroma zaharreko klasikoek bazekiten ongi iruzurra sortzen duen figura bitxi honen berri eta Sofisma deitu zuten, egiaren itxurako arrazoibide faltsua, eskolako haurren hiztegi xumean. Logikak arautzen ditu arrazoimenduaren urratsak eta salatzen akatsak silogismoen aztagailuan. Egia erdiarekin ezin da inoiz ondore on eta egia osorik atera, gaur egun politikoentzat zilegi bada ere. Kritika deritzon filosofiaren beste arlo batean sartzen da horren azterbide saioa. Sutegiko ingude mailukaria da pentsamenduaren arloko kritika. 376 [6]

HITZAREN ARTELANA Lorpen eta akatsak azaltzen ditu eta arrazoi desberdinen mahai gainean agertzen da, orduan, alde edo aurkako gogoeten arteko tirabira den dialektika. Norberaren hitzak zaintzea bezain garrantzitsua da dialektika arloan arerioen argudio ahulez jabetzea erantzun zehatza itzultzeko. Oratoriaren funtsezko ekimena argudio desberdinen aukera arrazoitzean datza, banan-banan duten indarra neurtu ondoren ahulenetik erabakiorreraino mailakatzen joateko. Ezin gara luzatu filosofiako printzipio eta arauak azaltzen, baina zalantzarik gabe esan daiteke, erretorikaren eraikuntza liluragarriena pikutara doala funtsezko edukirik ezean. Hitzaren transmisioko medio guztietarako onuragarria da arrazoitzeko ahalmena: eleberri korapilatsuen ardatza eratu eta drama giroa lortzeko edota beldurrezko film eta antzerkien gidoi erakargarriak idaztean. Elegia, omenaldi eta edozein literatur generotan sentimendua eta amodioa, bizia eta heriotza, negarra eta poza duintasunez adierazteko tresna egokia izan ohi da. Horrek ez du esan nahi itxura jantzian mintzatzeko bakarrik balio duela erretorikak. Hiztun onaren ahoan eguneroko bizian suma daiteke trebetasunaren ukitua, ideia arruntak eta gutxiengo hitzak ganoraz erabiltzen ez dakienaren aldean. Herri xumearen filosofia zentzuzkora itzuliz, hala zioen behin egunkariei buruz Urdiaingo Lukas Zufiaurre agure jatorrak: -Astoa bezala da papera; zama botatzen zaion aldera makurtzen da. Arrazoia eduki arren galtzaile gerta daiteke auzian norbait legegizon ez hain trebearen eskuetan erorita. Zenbat aldiz ez da entzuten eguneroko martxan honelako zerbait: -Bereak eta asto beltzarenak entzunen zituen, bai! hark bezala hizketan jakin banu! Biziko gertakizun guztietan filosofia baten barnean mugitzen da pertsona, ikasia ala ez. Gabriel Arestirekin hika-mika bat izan nuen behin. Harri eta Herri idatzi zuenean zirriborroa utzi zidan iritzia eman niezaion. Irakurri eta ez nion ezer erantzun. Liburua argitaratu ondoren aurpegira bota zidan Donostian euskaltzain guztien aurrean, eta nire izena kendu egin zuen hasieran zekarren aipamenen zerrendatik. Lekuko baten aurrean mintzatzeko prest nengoela, erantzun nion, ez publikoki. Lafitte eta hirurok bazkaldu genuen elkarrekin, eta idatziz eskuratu nion nire kritika. Laburbilduz honako hau nioen, besteak beste, bere hitzak errepikatuz: Ni naizena naiz, diozunean, Jainkoaren mailan jartzen zara, hori baita Sinai mendian Moisesi hark emandako definizioa. Ez diozula inori ezer zor eta zeure eskuz lortu duzula dena munduan, ez da egia. Amarik gabe ez zinen orain inorekin hizketan ariko. Areago, ez zizun inork baimenik eskatu mundu honetara zu ekartzeko. Bi orrialdeko izkribua zen eta aditzera eman nion gogorra gertatzen zitzaidala, adiskide bezala, bere liburuan biraoak bazirela esatea; eta inoren merezimenduak, handiak izan arren, mugatuak direla elkarren beharra denok dugun neurrian. Gorri-gorria jarri, eta berak ez zuela filosofia egin nahi izan, erantzun zidan. Egindako guztiak bere filosofia baduela eta horretatik ihes egiterik ez dagoela, azpimarratu zion Lafittek. Ez da hor amaitzen, halere, Aresti eta bion arteko saltsa. Denboraren buruan Harri eta herri liburua Literatura Nazionaleko Sarietara aurkeztua izan zen Madrilen, neu nintzelarik epaimahaiko bat. Gezurra badirudi ere, ma- [7] 377

JOSE MARI SATRUSTEGI haikide guztien aurka bultzatu nuen Arestiren liburua eta gogorra izan zen saioa. Une batean, honelako zerbait esan zidan Robles Piquer mahaiburuak: Demagun Batikanoko sariketa batean biraodun liburua dela sarigai nagusia. Emango al zenioke saria? Lehiaketako oinarriak hartu eta baldintzak azter nitzake. Saritzeko legezko eragozpena baldin bada biraoa, ez nioke emango. Bestela bai. Eta lehenbiziko saria jaso zuen Arestiren liburuak. Dialektika joko biziak sortu zizkidan Gabriel adiskidearen liburuak etxera nahiz kanpora begira. Arauak arau eta pentsaeraz bestalde, pertsonak egiten du oratoriaz artea, artistaren eskuak koadroa bezala. Baliabideen oreka da urrezko neurria. Artifizial kutsuak ahuldu egiten du mezua eta pedantekeriak antzutu edukia. Handikeria ez da nahitaez beti ongi uztartzen artearekin. Eraikuntzara itzuliz, Stalinen garaiko jauregi erraldoien tankera munstroa astuna izateaz bestalde, hotza da bunker bat bezala eta barnetik iluna humanismoaren argi printzarik gabe. Arteak arindu, argitu eta alaitu egin behar du materia mordoaren zama pertsonaren sensibilitatera egokituz. Bilboko Guggenheim erakustoki erraldoian, alderantziz, itsasontzi sinboloen formek, argiaren aurpegi arinak eta uraren lotura emeak mundua eta espazioa erkatzen dituzte modu egokian ingurua hornituz. Oratoriaren areto nagusian hau nahiko nuke beti eredu, ez eta hura. ORATORIA Orain arte esandakoak komunikabide munduko profesional guztientzat balio du, idazle, kazetari nahiz ikus-entzuleentzat. Idazleak, halere, paperean edo ordenagailuan uzten du bere lan eta ardura, baina ez da hori hiztunaren kasua. Jendaurrean osatzen da, azken finean, oratoriaren eginkizuna. Arazoa ez da hizlariena bakarrik, publikoaren aurrean agertu behar duten profesional guztiena baizik, antzokiak edo mahaiburu soilak erretorika eta filosofia arauekin zerikusi gutxi baitu. Aktoreen munduko plastika ariketei gehiago dagokie berez. Argitu behar da lehenik esku hutsean ala txuletarekin egiten den azalpena. Egoera oso desberdinak dira bata eta bestea. Batzuk nahiago dute paperik gabe aurrez aurre mintzatzea. Beste batzuk, hitzez hitz idatzirik ekarri ohi dute lana. Ez da merezimendu kontua, gaia ongi menderatzen delako seinale eta ohitura edo ofizioaren hazta baizik. Naturaltasunean ezkutatzen den erretorika da txalogarriena. Nolanahi ere, irakurriz ala paperik gabe, gaia menderatzeak lasaitasun handia ematen du eta moztuta gelditzeko arrisku gutxi egon ohi da. Zalantza eta zainak dira hizlariaren etsai nagusiak: gaiari buruzko gordintasuna, eta bere buruarediko lasaitasunik eza. Aholku mesedegarrien artean honako hau jaso nuen gaztetan: -Hitz egiteko hiru gauza behar dira: esatekoren bat eduki, esan beharra esan eta, esan ondoren isildu. Sekulako lanak eman ditzake nahi bezala bukatu ezinak, azken noraezak lanik hoberena desitxuratu eta zapuztu baitezake. Ongi eratutako oratoriaren gidoietan arretaz zehaztu ohi da hastetik amaierako mezuaren estrategia. Ez luke zentzurik bestela inolako arteak. 378 [8]

HITZAREN ARTELANA Paper mordoen hazta eta esku hutseko haize arinaren bide erdian dago, puntu nagusien izenburu eta azpisailen txuleta txikia gida moduan eskuartean edukitzea. Ohikoa da eta beti balio du ustekabeko isiluneak hausteko. Patxadan agertzea, eskuen mugimendua eta, oro har, urduritasuna gaindituz hitzak naturaltasunez ahoskatze kontua, praktikaren ondare preziatua dira. Lorpen bakoitzak hegoak ematen dizkio hurrengo eginkizunari. Gomendagarria da, halere, burujabetza lortzeko unean jendaurreko ekintza desberdinetan aurrez aurre parte hartzen saiatzea beldurra galtzen joateko. Kilikaria da hitzaren artelana. LABURPENA Ongi mintzatzeko artelana den klasikoen eskola gogoratzen da, laburbilduz, hitzaren artea izenburua daraman lan honetan, eta ahozko euskal tradizioan jasotako zenbait berezitasun jakingarri aipatzen, denbora berean. Teknokrazia eta produkzio gordinaren kulturak gaur egun gizartean duen garrantziarekin onuragarria da humanismoa den giza-zientziari bere lekua ematea. Hiztegiaren murriztasuna dakar gai semantiko multzokatuen bilduma arruntak eta hizkuntzaren ahultasuna, oinarrizko arau gabeziak. Jostailu elektroniko, telebista eta azken orduko ordenagailuetan gai den gizarte berriak, tresneriari bere aldetik zer agindurik gabe, zuri, gelditzeko arriskua badu. RESUMEN El trabajo resume principios básicos de oratoria clásica como arte del lenguaje, y anota algunos recursos literarios de la tradición oral vasca en franca regresión generacional. Frente a la cultura dominante de la tecnocracia y de la productividad pura y dura, resulta pertinente dar cabida al referente marginado de lenguaje clásico. El deterioro de la formación humanística acusa ya el empobrecimiento del léxico específico usual en aras de una terminología global de tópicos generales, y la decadencia del lenguaje que vulnera las normas elementales de la gramática. La futura sociedad experta en videojuegos, televisión interactiva y ordenadores de última generación podría ser víctima de la carencia de ideas creativas para transmitir a los ingenios electrónicos que maneja. RÉSUMÉ Le travail résume des principes basiques de l éloquence classique comme art du langage, et présente comme annotations, certains recours littéraires de la tradition orale basque en franche régression générationnelle. Face à la culture dominante de la technocratie et de productivité pure et dure, il devient opportun de réserver un espace au relatif marginal du langage classique. La détérioration de la formation relative à l humanisme accuse déjà l appauvrissement du lexique spécifique usuel au nom d une terminologie globale de topiques généraux, et la décadence du langage qui porte atteinte aux normes élémentaires de la grammaire. La future société experte en jeux vidéo, télévision interactive et ordinateurs de dernière génération pourrait être victime de la carence d idées créatives à transmettre aux ingéniosités électroniques qu elle manie. ABSTRACT This article summarises some basic principles of classical oratory as a linguistic art form and points to some literary resources from the Basque oral tradition currently in downright generational decline. In the face of a dominating [9] 379

JOSE MARI SATRUSTEGI culture defined by technocracy and out-and-out productivity, it would seem fitting to find a place for the marginalised referent of classical language. The deterioration of human formation is already giving way to an impoverishment of the day-to-day specific lexicon in favour of a general terminology for general topics and the decadence of language in such a way as to jeopardise the basic rules of grammar. A future society with a full command of video games, interactive television and state-of-the-art computers may well fall victim of a void of creative ideas which it can transfer to the electronic devices that it handles. 380 [10]